AFRIKAN MURGILTZEN

Arrazakeriaren kontrako hezkuntza
Zinthia Álvarez Palomino

Etnia-, arraza- eta kultura-dibertsitateak erronka berriak ditu gure gizartearentzat, eta erantzunkidetasunaren printzipioa beharrezkoa da haiek lantzeko. Prozesuak ahalegina egitea eskatzen dio gizarteari, bizikidetza inklusiboa lortzeko, baina, era berean, ahalegin berezia eskatzen die hezkuntza-sektoreko arduradunei, prozesu hori bultzatu eta erraztuko duten neurriak garatzeko. Ikasteko aukera berriak sortuz.

Lehenik eta behin, pertsona bakoitzaren kultura ezagutzeko eta ikasteko jarrera eduki behar da, egitura sozialean, identitateen espektroan, jatorrian edo kultura-kidetzan duen lekua edozein dela ere.

Arrazakeriaren kontrako hezkuntzak ikuspegi globaletik heldu nahi dio gizarteari, eta dibertsitate etnikoa eta kulturala aztertzen ditu, egungo botereharremanen arabera. Horrez gain, zalantzan jartzen du egungo sistema politikoa, bereizketari eta gutxiagotasunari eusten baitie; eta menderatzeharremanetan dauden gurutzaketa guztiak hartzen ditu kontuan: soziala, politikoa, ekonomikoa, eta, horien artean, kulturala

Proposamen globala

Arrazakeriaren kontrako hezkuntzan, ez da aski norberaren aurreiritziak eta estereotipoak identifikatzea eta aurrez aurre jartzea. Horren ordez, erronka da mahai gainean jartzea zein diren gure gizartean desberdintasuna iraunarazten duten egiturazko elementuak. Horretarako, sakon aztertu behar dira arrazaeta etnia-desberdintasunen oinarriak, eta horiek babesten eta horiei eusten dieten sistemak, eta, orobat, konponbideak eman behar dira berdintasun eta justizia handiagoa lortzeko.

Ildo horretan, ez du zentzurik arrazakeriaren kontrako hezkuntza planteatzeak soilik eskola jakin batzuetan aplikatzeko (dibertsitate etnikoa eta kulturala duten eskoletan). Aitzitik, hezkuntza-eredu gisa planteatzen da, eta eredu hori ikastetxe eta ikasle guztiei aplikatu behar zaie, haien jatorri kulturala edozein dela ere. Eskola inklusiboa eta arrazakeriaren kontrakoa eraikitzeko, funtsezkoa da alde guztiak ebaluatzea, erabiltzen diren mezuak eta materialak aztertzen hasita lehenik. Ildo horretan, ikasketa-plana bereziki erabakigarria da; izan ere, kontua ez da soilik gai praktikoen zerrenda bat egitea, baizik eta esplizituki eta inplizituki ikasleen esperientzietan eragitea.

Gainera, hainbat faktorek dute eragina: besteak ikusteko dugun moduak, parte hartzeko aukerak, eragin-trukeek eta harremanek, baita onarpen- edo arbuio-mezuek ere, zuzenek zein zeharkakoek. Edukiak berrikusteko, nahitaez heldu behar zaio ikusgarritasunik ezari, eta, besteak beste, irakaskuntzako materialak, irudiak eta perspektibak aztertu behar dira. Horrek berekin dakar irakasleak kontzientziatzeko, autoebaluatzeko eta gaitzeko prozesua, Mendebaldean ardaztutako ikuspegia gainditzeko, horrexek izan baitu eragina orain arte mundua eraikitzeko moldean.

GAINERA, BERRIKUSPEN HORI EGITEAN, “BESTEEN” HISTORIA, KULTURA, EKARPENAK ETA ERRONKAK TXERTATU BEHAR DIRA, ETA AURREIRITZI ETA ESTEREOTIPO DISKRIMINATZAILEAK ADIERAZI, ETA HORIEI AURRE EGIN BEHAR ZAIE.

Kulturarteko eta arrazakeriaren kontrako ikasketa-planak, besteak beste, alderdi hauek hartu behar ditu barne:

01. Modu kritikoan aztertzea arrazakeriak eta politika arrazistek nola irauten duten eta zer eragin duten.

02. Ikastaroetan irakurketa eta baliabide askotarikoak edukitzea, historikoki baztertuak izan diren egileak eta arrazakeriaren kontrako ikuspegiak hartzen dituztenak barnean hartzeko.

03. Inplizituki barneratzen dena zalantzan jartzea, hala nola meritokrazia objektiboa dela sinestea edo porrotaren errua soilik ikasleari leporatzea.

04. Prest egotea hainbat ezagu-tzamodu, tradizio, kultura eta hizkuntza esploratzeko, giza esperientzia ez mugatzeko eta jakintzaren ikuspegi eurozentrikoa saihesteko.

05. Hezitzaileen autohausnarketa eta autokritika sustatzea garapen profesionalean.

06. Konpromiso soziala hezkuntza-bizipena osatzen duen zati gisa onartzea.

07. Gizarteko botere-dinamiketan eragina duten identitate desberdinen arteko elkarguneak aztertzea, hala nola generoa, sexualitatea, klase soziala eta trebetasunak.

Irakasleen prestakuntza

Irakasleen prestakuntzarekin hasteko, kontzientzia handiagoa sustatu beharko litzateke haiengan, autoebaluazio kritiko baten bidez. Hortaz, hausnartu behar dute beren kultura-ezagutzaz eta aztertu behar dituzte desberdintzat jo diren pertsonekin dituzten jarrerak. Horri dagokionez, prest egon behar da aurreiritzi pertsonalak zalantzan jartzeko eta horiei aurre egiteko, baita gainerako pertsonen pertzepzioaz adierazi gabeko iritziak ere, horiek ondorio kaltegarriak izan ahal badituzte.

Horrez gain, hausnarketa sakona egin behar da pertsona bakoitzak hierarkia sozialen sistema konplexuan betetzen duen lekuari buruz, eta leku horrek nola eragin dezakeen botere- eta diskriminazio-egituren erreprodukzioan, hala hezkuntzan, nola, oro har, gizartean. Azken batean, kontzientzia-hartze hori funtsezkoa da hezitzaileek zeregin aktiboa izan dezaten berdintasuna eta justizia sustatzen hezkuntza-ingurunean eta hortik harantz.

Komunitatea

Kulturarteko eta arrazakeriaren kontrako ikuspegitik, funtsezkoa da hezkuntza-komunitateko alde guztien erabateko inplikazioa eta kontzientziazioa. Kasu askotan, eraldaketa eta justizia sozialari buruz prestatzeko eta kontzientziatzeko ahaleginek ikasleak dituzte ardatz, eta bigarren mailan uzten dituzte hezitzaileak

Hala ere, nahitaezkoa da muga horiek gainditzea eta hezkuntza-arloan inplikatuta dauden alde guztiak konprometitzea. Horren barruan sartzen dira gurasoak eta eskolako zuzendaritza, irakasleak, ikasleak, administrazioko langileak eta hezkuntza-instituzioarekin lotutako zerbitzuak, hala nola curriculumetik kanpoko jarduerak, eskola-jantokiak eta garraioa. Aktore horien guztien lankidetza eta sentsibilizazioa funtsezkoa da, hezkuntza-komunitate osoan berdintasuna eta justizia sustatuko dituen kulturarteko eta arrazakeriaren kontrako hezkuntza bultzatzeko.

Kulturartekotasunaren eta arrazakeriaren kontrako printzipioak bateratuko dituen hezkuntza-komunitateak dibertsitatea jorratuko du, eta trebetasuna izango du ikasgelatik kanpoko errealitatean eragiteko. Ildo horretan, hezkuntza-komunitatea eredu bihurtuko da ikasleentzat eta haien ingurune zabalagoarentzat. Garrantzitsua da onartzea eskolak ez daudela isolatuta, baizik eta testuinguru zabalago batean kokatuta, lurralde, hiri, auzo eta komunitate zehatz bat osatzen duen parte gisa. Beraz, ikastetxearen eta komunitatearen arteko harremana ezinbestekoa da, arrazakeriaren aurkako hezkuntza osoa eskaintzeko hala ikasleei, nola gizarte osoari. Eskolaren eta komunitatearen arteko lankidetza motor garrantzitsua da gizarte osoan kulturarteko eta arrazakeriaren aurkako balioak sustatzeko

Arrazakeriari stop ikastetxeetan

Prebentzio-lanaz eta arrazakeriaren aurkako kontzientzia sortzearen garrantziaz gain, nahitaezkoa da ulertzea hezkuntza-inguruneak toki egokiak izan daitezkeela eguneroko bizitzan dagoen arrazismoa esperimentatzeko, baita aurreiritziak eta ekintza arrazistak ere.

Ildo horretan, ekintza arrazista da biktimak edo tartean dagoen beste edozein pertsonak halakotzat har dezakeen edozein gertaera. Gorabehera horiek espektro zabala hartzen dute, ahozko abusuarekin hasi eta eraso fisikora arte. Eskola-testuinguruan, gorabehera arrazistak hainbat modutakoak izan daitezke, besteak beste, kutsu arrazista duten iruzkinak, oharrak edo “txantxak”, pertsona bat baztertzea, eta indarkeria fisikoko gertakariak, kalte nabarmena eragiten dutenak.

Funtsezkoa da kontuan hartzea hasiera batean garrantzi txikikoak ematen duten gorabehera batzuek epe luzera ondorio kaltegarriak izan ditzaketela biktimentzat. Ikastetxe batzuek erabakitzen dute gorabehera horiek alde batera uztea, haien garrantzia arintzea edo ukatzea; eta, hala, mezu okerra bidaltzen diete belaunaldi gazteei.

Gizarte multikultural batek arrakasta izan dezan, neurri handi batean, gaur egungo haurrek beharrezko trebetasunekin eta prestasunarekin hazi behar dira, edozein arrazakeria-mota salatzeko eta justizia eta berdintasuna sustatzeko beren komunitateetan eta gizarte osoan.

***

© 2024 Munduko Medikuak | Aviso legal | Política de Privacidad